NI ETA NIK DIODANA
Ezer eznaiz, eznaiz ezer, espada
Naizena.
Ni naiz naizena, bai, baizena, ez
eznaizena.
Ni naiz nirez,
naizenaren borondatez eta birtutez,
nire pentsamenduen eta sentimenduen indarrez.
Bidean nago (hain lege gogorra,
hain ordenamendu eskapu gabekoa),
bukaera batera. Hara noa eta
eznaiz bildurtzen, ez, eznaiz
bildurtzen, ez eznaiz
bildurtzen, ez.
Dena doa eztenaren bidean,
eta egun batean ezer ezta izanen, ezpada
ezer eztena. Ez. Bai. Ni naiz naizena,
eznaiz ezer ezpada
naizena, eta egun batean
ni ere eznaiz ezer izanen, ezpada
eznaizena, ez, izanen eznaizena.
Eta hau da, bai eta ez, orain eta beti eta lehen,
nik diodana,
eznaizena eta
isiltzen dudana.
EUSKERA KLAROA
Lehenengo egunean
esan zuen
nigatik
batek,
nire lagun oso maite batek,
eztakidala
zer dudan nahi,
baina bai
zer eztudan
nahi.
Hori egia da.
Baina egiagoa da
Badakidala
zer dudan izan nahi,
baina
Kanako eztaietan
Banengo
bezala,
esan diot
nire amari
nire ordua eztela oraindik
allegatu.
Nire ordu hori
datorrenean,
alferrik izanen dira
damuak
eta nire arimaren kolorearen kontra
munduko
zezen eta aker eta ahari guztiak
oldartuko badira ere,
seinaleak izanen dira zeruan,
temploaren beloa urratuko da,
eguzkia itzalduko da,
mendiak zabalduko dira
eta lehen aldiz
andreak
erdituko dira
gizonez.
GIZONA
AMA BATEN ALUAN EGONAGATIK,
HILOBI BATEN ESKUBIDEA DADUKA.
Lur honetan
ehortziko naute.
Elizan aterik
ez dute zabalduko.
Kanpaiek ez dute
otoitzera deituko.
Apaizek ez dute nire
ofiziorik kantatuko.
Eta
lapurren artetik
nire hilotza
ateratzen dutanean,
bazter ilun batera,
bazter aparte batera,
eramanen naute
gauerdian;
bertan,
isilik
manaiatuko dirade,
eskuztatuko dirade,
haitzurrak,
lurrean
hilobi sakon bat
ebaki arte.
KRISTO ETA LENIN
1
Bart
sobera ardo edan nuen
Barrenkalle Barrenako
tafenarik tafena,
eta etsera ezkero
afaldu gabe
joan nintzen
ohera.
Amets bat ukan nuen,
Joanito Kojoarenean
legatz koxkera bat
jaten nuela
bi lagunekin
adiskidantza onean,
estimazio haundian.
Bi lagun hoek
ziren
Kristo
eta
Lenin.
2
Hea
noiz demonio
adiskidetzen diren
Kristo
eta
Lenin,
hea
noiz demonio
deskomekatzen duten
kapital
alemana
eta
kapitol
amerikanoa,
bai-eta ogitik ere
bizi baita
kristaua,
eta ez bakarrik
Aita S
3
Jakin nahi nuke
zeinbat izan ziren
Kristoren urteak,
Marxen egunak,
zeinbat izanen diren
Gebararen orduak,
zeinbat gizon prestu
ez duten oraindik
gurutzean urkatu.
Zergatik,
mundu honetan jarraikitzeko,
esan behar dugun
hainbat gezur,
egin behar dugun
hainbeste bidegabe.
Hea nork diostan
non ika
EKAICAK
Arimaren barreneko
ekaicak,
ixas tormentatua,
izarrik eta ifarrik gabeko
mendea,
hasarrea,
negar isila,
mina,
grina.
Beti amore eman
eta beti
dolore
hartu.
Borondate onaren amoreak
Emandako
doloreak.
Arimaren barreneko
ekaicak.
EGIA BAT ESATEAGATIK
Egia bat esateagatik,
alabak
hil behar bazaizkit,
andrea
bortxatu behar badidate,
etxea
lurrarekin
berdindu behar bazait;
Egia bat esateagatik,
ebaki behar badidate
nik eskribitzen
dudan
eskua,
nik kantatzen
dudan
mihina;
Egia bat esateagatik,
nire izena
kenduko badute
euskal literaturaren
urrezko
orrietatik,
inoiz,
inola,
inun
eznaiz
isilduko.
BILBAOKO KALEAK
Bilbaoko kaleak,
gora eta behera,
errekatik mendira,
batzuk artezak,
gehienak zeiharrak,
lurra estali da
etxez eta gizonez,
gizonak leku batetik bestera
eramateko
makinez,
bizioz eta bekatuz,
karitatez eta kriminaz,
plaza biribilak,
zumardi zabalak,
zuek
niri
gogora
ekartzen didazue
nire asmo zaharra,
behin egin nahi ukan nuen
eta
inoiz egin ez dudana,
Autonomia,
Adiskidetasuna,
Bakea,
Libertatea,
Foruak,
maitatu ditudan gauzak,
Urkijo ministroa,
Gardoki kardinalea,
Mazarredo almirantea,
Egia jenerala,
Arrikibar ekonomista,
higuindu ditudan gizonak,
kaleak,
kale motzak,
kaleak hemendik, hortik,
handik,
edonundik,
Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean,
bertan organizatzeko euskeraren salbazioa,
baina hemen geratzen naiz,
kale arte honetan,
milagro baten zai,
egunero bizarra kenteari uzteko
nahikoa kurajerik
ez baitut.
GIZONAREN AHOA
Ez zazue tapa
gizonaren ahoa.
Defendi dadin.
Hainbeste bidegabe
egin zaio
azken ehun mila urte honetan...
Orain,
besoak
indar-gabeturik ditu,
burua erdi-bitan;
ez diozue
kopetan adarrik ernatzen
utzi;
ebaki dizkiozue
eskuak,
ez dezan
ezpatarik astin.
Hor datza.
Ezin defendi diteke
indarrez.
Bakar-bakar-bakarrikan
geratzen zaio
hitza.
Baina ez zazue,
baina ez zazue,
baina ez zazue,
ez zazue tapa
gizonaren ahoa.
Hitzaz
balia dadin,
hitzaz
zerbitza dadin.
Honela konpreni
dezazuen
zertarako
jaiotzen den
mundura.
Ez,
ez zazue tapa
gizonaren ahoa.
APUR DEZAGUN KATEA
apur dezagun katea
kanta dezagun batea
hau da fandango
biba berango.
Munduan beste asko lez
arta buruan oskolez.
Atzo aspertu nintzaden
maisuez eta eskolez.
Poeta naizen ezkero,
eztut zerurik espero.
Bederatzi kopla ditut,
lau zuhur eta bost ero.
Ilargiaren adarrak:
Handik zintzilik abarrak.
Gogoangarriak dira
zure bi begi nabarrak.
Zerutik dator harria.
Nundikan berriz argia?
Gau ilun honetan dakust
zure aurpegi garbia.
Martxoko oilar gorria,
inundik ez etorria,
goseak arintzearren
judu batek igorria.
Goizaldean eguzkiak
printzak daduzka bustiak.
Oso merke saltzen dira
euskaldunaren ustiak.
Gure amonak esan dit:
Aitak arnoa edan dik.
Joan zaitez tafernara
eta ekar zazu handik.
Euskeraren asturua
ezta gauza segurua:
Askozaz hobekiago
dabil munduan judua.
Eta hau hola ezpazan
sar nerila kalabazan.
Ipui txit barregarriak
kontatu nituen plazan.
NIRE AITAREN ETXEA
Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.