Aldekoaren iritziz ,XX. mendearen erditik aurrerako poeta garrantzitsuena Gabriel Aresti da, azken ehun urte hauetako idazle esanguratsuenetako bat. Oso idazle eztabaidatua izan zen, baina esan daiteke haren Harri eta herri lana (1964) erabakigarria izan zela garai hartako egile gehienentzat, nahiz eta kritikariek haren lehenagoko lanak hori baino gehiago goraipatu, Maldan behera, besteak beste. Lotura handia izan zuen Bilborekin, eta haren poemen bidez, hiriaren errealitatea sartu zen euskal poesian. Euskaldun berria zen, abertzalea, demokrata eta garai hartako kristau arrunta, gaztetan. Lehen lanak Euzko-Gogoa (1954-56) eta Egan (1956- ) aldizkarietan argitaratu zituen, eta 1959-1960 bitartean bi poema luze idatzi zituen, Mirandek gogor gaitzetsitako nazionalismo tradizionalaren mundu ikuskera hausten zutenak.
Bere lehen lan garrantzitsua, Bizkaitarra poema, 1959an eman zuen argitara; hiru poema-sorta luze ziren, bertsolariek erabiltzen zituzten neurriekin idatzitakoak. Poema horretan, argi eta garbi ikusten da Gabonetako ikuskizuna antzezlanaren irakurketa. XVII. mendeko antzerki horren ezaugarrien iruzkina egin zuen Euskera aldizkarian 1959an, eta, bertan, herri lirikaren espresio gaitasuna miretsi zuen. Poema sinboliko handi bat ere idatzi zuen aldi berean, Maldan behera, eta Euskaltzaindiaren Loramendi saria jaso (1959); lan hori 1960an eman zuten argitara. Aldekoaren arabera, Erresuma Batuko poeta sinbolistak eta 27ko belaunaldikoak zituen gustuko Arestik 1954-1959 urteen jiran, T. S. Eliot eta Pedro Salinas bereziki, eta horien lanak ezinbestekoak dira, itxuraz, Arestiren lana ulertzeko.
Arestik oso hurbiletik ezagutu zituen 1958an industrializazioaren ondorio ankerrak, pobrezia eta langileen esplotazioa, eta Gabriel Celaya eta Blas de Otero poetei irakurtzeak protesta poesia-mota egitera eraman zuten; bi urte geroago izan zuen horrek emaitza: Harri eta herri (1964) poema. Poesia sozialak indar handia izan zuen 1955-1965 bitartean, baina hurrengo urteetan nabarmen egin zuen behera. Horren ondorioz, Arestiren lehenagoko lanek kritikaren interesa sortu zuten, batez ere Maldan behera poemak.
Haizea Anton, Julen Rodrigez eta Kerman Salvador, Julen Zuñiga, Nagore Rey, Nere Palomar
No hay comentarios:
Publicar un comentario